XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina objekzio asko egin dizkio berak interesgune kontzeptuari, inoiz ondo mugatu ez omen den kontzeptu horri. Interesguneak har daitezke hitz-familia edo talde semantiko gisa, idatzi du (91. or.), eta hor bi erlazio-mota izan daitezke kideen artean. Bata testuinguruko hurbiltasunak sortuko luke eta kanpoko munduan batera dauden gauzen izenak ekoizten ditu; besteak, berriz, ez du errealitatean gauzak elkarrekin daudenik adierazten, baizik eta adimenean kontzeptuen artean dauden erlazioak.

Bigarren erlazio-mota hori aztertu dute FFren prestasun-testetan. Subjektuek garraiobideetan pentsatu behar zuten eta beraz, camión, train, avión, eta antzeko hitzak eman zituzten, egoera bakar batean oso maiz aurkitzen ez direnak.

Richards-en ustez (1970: 92) interesgunea izan balitz bidaian abiatu, subjektuek bagage, train, billet. hôtel, appareil-photo edo antzeko hitzak esango zituzten. Bere usteen alde prestasunaren gaineko ikerketa irlandar bat dakar tartera: subjektuek oso erantzun desberdinak eman zituzten gaia gaisotasuna zenean eta pentsa ezazu ospitalean zaudela gaisorik, eta esan hor ikusten dituzun gauza guztiak zenean.

Baina askotan bereizketa hori ez da garrantzi handikoa. Gaia etxea baldin bada edozein definizio edo instrukziok pareta, atea, leihoa eta antzeko hitzetara eramango du, Ffren galderek bezala. Begien bistakoa da, dena dela, interesgunearen aukerak eta subjektuei ematen zaizkien argibideek eragin handia izango dutela esango dituzten hitzetan. Eta, halaber, ikusia dago emaitza beti hitz bakartuen eta zenbaitetan esanahi zehazgabeko samar batzuen zerrenda bat izango dela, ez ULena.

Interesguneen malgutasunaz edo, nahi izatera, zehazgabetasunaz aparte, Richards-ek (1970:92) uste du ez dagoela horrelakoak aukeratzeko modu ziurrik aurkitzerik eta zaila dela izen arrunt askoren interesguneak zehaztea: kertena, kola edo zigarroa, esaterako, ez dituzu horrelakoetan erraz sartuko.

Gero eztabaidatuko dut nik egoera-kontu hori (ikus 4.3.4). Bigarren puntuari erantzun dakioke hitz batzuek lotura handiagoa dutela testuinguruarekin beste batzuek baino eta batzuk arlo jakin batzuei oso lotuta daudela, baina inolako zalantzarik gabe gogora ekarri daitezkeela hitz konkretu guztiak, beti erraza ez bada ere, eta horretarako badirela seguraski prestasun-testak baino bide hobeak.